PROBINTZIAK

GIPUZKOA – Donostia

Donostiara iristearekin bat, Kontxako hondartzak bainu eder bat hartzera edo urertzean paseatzera gonbidatzen zaitu; baita neguan ere. Badia benetan da dotorea. Igeldo mendiaren eta Santa Klara uhartearen ingurumarian dago, eta mundu osoan da ezaguna. Hiriak, baina, baditu beste bi hondartza eder: oinez ibiltzea gustuko baduzu, Zurriola hondartzan, surf zaleen gunean, has dezakezu zure pasiera; ondoren, Urgull mendia Pasealeku Berritik inguratu, eta azkenik, badia osoa zeharkatu, harik eta Ondarreta hondartzara iritsi arte. Hantxe izango duzu zain Haizearen Orrazia: Eduardo Txillida eta Peña Gantxegiren eskultura multzo monumental zoragarria, Kantauri itsasoaren kuraiaz hitz egingo dizuna.

Donostiako gune naturalak berez atsegingarriak badira ere, bertako biztanleen gustu onari esker, zubiak, plazak eta eraikinak are atsegingarriagoak bihurtu dira. Viktoria Eugenia antzokiaren, Maria Cristina hotelaren edo XX. mendearen hasieran aristokrazia goreneko pertsonen ostatu izan zen La Perla bainuetxearen aurretik igaroz gero, Belle Epoque garaian zaudela irudituko zaizu.

Zinemazko hiria
Donostia zinemaren agertoki bihurtzen da iraila joan, iraila etorri. Nazioarteko izarrak egunero iristen dira hirian egiten den Nazioarteko Zinema Jaialdiak iraun bitartean. 2016ko Europako Kultur Hiriburua izango da. Horrenbestez, Donostiari kultura dario. Izan ere, Zinema Jaialdiari Jazz Jaialdia, Musika Klasikoaren Jaialdia eta museo berrituen eskaintza (esaterako, San Telmorena) gehitu behar zaizkio.
Donostia, halaber, gastronomiaren eta pintxoaren munduko hiriburua da.

“Alde Zaharrean” barra bakoitza altxorra da. Sar zaitez bertako zeinahi taberna erakargarritan, eta dasta ezazu “gilda” bat edo gehiago landutako beste pintxoren bat. Miniaturan egindako goi sukaldaritzaren laginak dira guzti-guztiak. Gastronomia plazer patxadatsuago baten bila bazabiltza, berriz, utzi limurtzen Michelin izarrak dituzten jatetxeen eskaintzarekin.

Araba - Gasteiz

Iritsi bezain pronto ohartuko zara: atsegina da, erosoa, eta bizitzeko diseinatuta dago. Dena dago hurbil, baita Eraztun Berdea izenez ezagutzen den hiriaren perimetroa ere, oinez zein bizikletan zeharkatzeko moduko sei parke handiek osatutakoa. Horietako batean, Salburuan, hainbat urmael daude. Migrazio igarobide batean kokatutako urmaelak direnez, hegazti ugari geratzen dira bertan.

Norako turistiko iraunkorraren nazioarteko ziurtagiria lortu du, Biosphere Responsable Tourism.

Vitoria-Gasteizek eskaintzen dizun beste altxor bat Erdi Aroko hirigunea da. Obal itxura dauka, eta Euskadiko hirigune historiko enblematikoenetako bat da.

Katedrala, gotikorik literarioena

Santa Maria Katedral Gotikoa izango da zure lehen helburua. Norbaiti bururatu zitzaion Katedral hau zaharberritzeko lan luzeei etekina ateratzeko aukera bazegoela, berori nola eraiki zen hobeto erakutsi ahal izateko turistei eta historia zaleei. Ideia bikaina! Milioi bat bisitari baino gehiago ibili dira katedraleko habearte, atari eta harresietan zehar. Ken Follett eta Toti Martinez de Lezea eleberrigileek ere Katedrala izan dute inspirazio iturri euren liburuetako istorioak kontatzeko. Gasteiz zaharrak, gainera, Multzo Historiko izaerari eutsi dio. Bere kaleen izenek -Aiztogile kalea, Errementari kalea, Pintore kalea, Hedegile kalea, etab.- hain zuzen, bertan gauzatzen ziren gremio jarduerak gogorarazten dizkigute.

Vitoria-Gasteiz Arabako Errioxatik hurbil dago. Horri esker, hiria ezagutzeaz gainera, upategi ospetsu batzuetara joateko aukera izango duzu. Hiriburuak miretsi egiten du gastronomia, haren dimentsio guztietan. Nola Hirigunean, hala erdialdean, “pintxoaren ibilbideak” daude. Horietan, miniaturan egindako goi sukaldaritzaren zapore guztiz erakargarriak dastatuko dituzu, Arabako Errioxako ardo onenez lagunduta.

BIZKAIA - Bilbo

Eraldaketa honen ikonoa Guggenheim museoa da, Frank Gehryren lana. Arkitektura lan ikaragarria da, seguru asko entzuna izango duzuna. Etorri egin beharko duzu, zeure begiekin egiaztatzeko diseinuak eta arkitekturak hiri osoa bustitzen dutela; Abandoibarrako pasealekutik hasita. Museotik oso hurbil dago, eta ezin eztabaidatuzko xarma dauka. Bertan topo egiten dute eta biltzen dira eguna joan, eguna etorri, turistak zen bilbotarrak, korrikalariak zein familiak. Pasealekutik eraikin berriak ikusi ahal izango dituzu; hala nola Isozaki dorreak edo Iberdrolaren dorrea, Euskadiko garaiena. Diseinuzkoa da, halaber, hiriko metroa, Norman Fosterren zigilua daramana; eta baita Alondegia ere, Philippe Starckek kulturarako eta topaketarako gune bihurtu duen ardo biltegi zahar bat.

Itsasadarra eta bertako zubiak

Bilbora egiten duzun bisitan, Itsasadarra hartu erreferentziatzat. Horixe baita iraganean itsasontziak iristeko baliatzen zuten arteria, gaur egun, hiriaren bizimoduan giltzarri izaten jarraitzen duena. Haren bideari jarraituta, Bizkaiko Zubia aurkituko duzu, industria arkitekturaren eta Gizadiaren Ondarearen harribitxia.

Itsasadarra eta bertako zubiak zeharkatzea hiriaren historian zehar ibilbide bat egitea da. Zubizuri izeneko zubia edo Arrupe igarobidea Bilbo berriaren ikonoak dira. Beste batzuek, berriz, 700 urte baino gehiago daramatzate bertan (esaterako, San Antongo zubiak) eta hiriko armarrian ere ageri dira. Hiriaren iraganaren ordezkari paregabeak dira.

Itsasadarrari jarraituta iritsiko zara, halaber, Zazpikaleetara. Bizitasunez betetako eremua da, bilbotarrek gustuko dutenetako bat. Giro biziko Zazpikaleetan ibiliz gero, ia ohartu ere egin gabe, pintxoak jaten edo txikitoak hartzen hasiko zara. Pintxo erakusmahai koloretsu eta gustagarriez gainera, Zazpikaleetan ezin konta ahala saltoki daude, ikusmiran ibiltzeko. Xarmaz jositako antigoaleko dendak. Industria hiri izatetik abangoardista izatera igaro den hiriak baino eduki ezin duen aztarna hori; betiere, modari eta osagarriei dagokienez azken joerak kontuan hartzen dituela.